![]() |
| Lenin, Trotsky |
2.-
Iraultza sozialista eta demokraziaren aldeko borroka
Iraultza sozialista ez da ekintza bakar bat, ez da fronte
bakarreko bataila bat, baizik-eta klaseen arteko gatazka handien garai oso bat,
fronte guztietan gertatzen den bataila sorta luze bat, hots, ekonomiaren eta
politikaren auzi guztietan, eta burgesia desjabetzean amai daiteke soilik.
Akats larria izango litzateke uste izatea demokraziaren
aldeko borrokak proletalgoa iraultza sozialistatik urrutiratu dezakeela, edo
hau, ahultzea, ezkutatzea, eta abar. Alderantziz; demokrazia osoa ezartzen ez duen
sozialismo garailea ezinezkoa den bezala, ezinezkoa da, era berean, burgesia menperatzeko
prestatzen den proletalgorik demokraziaren aldeko borroka anitz, kontsekuente eta iraultzailerik
sustengatzen ez duena.
Ez litzateke akats txikiagoa programa demokratikoko
punturen bat ezabatzea —nazioen autodeterminazioa, adibidez— inperialismoaren-pean
“eginezin” edo “ametsezko” delaren ustean oinarrituz. Nazioen autodeterminaziorako
eskubidea kapitalismoaren esparruan eginezina delaren adierazpena zentzu
absolutuan, ekonomikoan, edo zentzu erlatiboan, politikoan, ulertua izan daiteke.
Aurreneko kasua guztiz okerra da ikuspuntu teorikotik. Lehenik
eta behin, zentzu horretan eginezinak dira kapitalismoaren-pean, adibidez,
lan-bonoak edo krisien abolizioa, eta abar. Guztiz okerra da modu berean nazioen autodeterminazioa
eginezina izatea. Bigarrenik, Norvegia 1905ean Suediatik banatzearen adibide
soilak “eginezintasun” hori errefusatzen du zentzu horretan. Hirugarrenik, irrigarri
litzateke harreman politiko eta estrategikoen aldaketa txiki batek, adibidez
Alemaniaren eta Ingalaterraren artean, gaur edo bihar estatu poloniarra, hindua, etab., berrien sortzea
eragitea guztiz “egingarria” dela ukatzea. Laugarrenik,
kapital finantzarioak, bere hedatze asmoetan, “libreki” erosi eta sobornatuko
du gobernu errepublikar eta demokratiko libreena eta edozein herrialdeko funtzionari
hautatua, nahiz-eta “independentea”
izan. Kapital finantzarioaren boterea, orokorrean kapitalarena bezala, ezin da suntsitu
demokrazia politikoaren alorrean gertatzen den edonolako eraldaketaren bidez; eta autodeterminazioa bete-betean
eta esklusiboki alor horri dagokio. Baina kapital finantzarioaren botereak ez
du ezabatzen inondik ere demokrazia politikoaren inportantzia klase-zapalkuntza
eta klase-borrokaren forma askeago,
zabalago eta argiago bat bezala. Horregatik, kapitalismoaren-pean, demokrazia
politikoaren aldarrikapenetako bat zentzu ekonomikoan “eginezina” delaren arrazoiketa
guztiak okerreko difinizio batean oinarritzen dira, ikuspuntu teorikotik,
kapitalismoaren eta demokrazia politiko orokorraren arteko harreman orokor eta funtsezkoei
dagokionez.
Bigarren kasuan adierazpen osatugabea eta zehaztugabea
da. Zeren ez bakarrik nazioen autodeterminazio-eskubidea, baizik-eta demokrazia
politikoaren funtsezko aldarrikapen oro egingarri
dira inperialismoan era osagabean, itxuragabetuan, ohiz kanpoko kasuetan
(adibidez, 1905ean Norvegia Suediatik banatzea). Kolonien berehalako
askapenaren aldarrikapena, sozialdemokrata iraultzaile orok defendatua, “eginezina”
da kapitalismoaren-pean, era berean, zenbait iraultza gabe. Baina hortik,
inolaz ere, ezin da ondorioztatu sozialdemokraziak uko egin behar dionik
aldarrikapen horien guztien aldeko borroka gertu eta irmoari (uko egite
horrek burgesiaren eta erreakzioaren jokoan erortzea litzateke), alderantziz: aldarrikapen
horiek guztiak ez modu erreformistan, baizik-eta iraultzailean, adierazteko eta
gauzatzeko beharra; ez legaltasun burgesari mugatuz, baizik-eta hura hautsiz,
ez parlamentuko hitzaldiak eta hitzezko protestak nahikotzat joz, baizik-eta
jendetza borroka-ekintzetara bultzatuz, funtsezko aldarrikapen demokratiko
ororen aldeko borroka zabalduz eta piztuz proletalgoa burgesia zuzen erasotzeko
egoerara heldu arte, hau da, iraultza sozialistara, non burgesia desjabetua
izango den. Iraultza sozialista ez da lehertuko soilik greba handi baten
ondorioz, edo kale manifestazio baten ondorioz, edo gosetien matxinada baten
ondorioz, edo altxamendu militar baten ondorioz, edo jaikialdi kolonial baten
ondorioz, izan daiteke baita ere krisi politiko baten ondorioz, Dreyfus afera
kasu, edo Saverne-ko gertakaria kasu, edo nazio zapaldu baten banatzeko
erreferendumak eraginda.
Inperialismoaren-pean gertatzen den zapalkuntza
nazionalaren larriagotzeak beharrezkoa egiten dio sozialdemokraziari borroka “utopikoari”
(burgesiak esaten dion bezala), nazioen banatzeko askatasunaren aldeko
borrokari uko ez egitea, baizik-eta alderantziz, sutsuki alor horretan sortzen
diren gatazkak ere erabiltzea
aitzakia bezala jendetzaren ekintzarako eta burgesiaren aurkako ekintza
iraultzailetarako.
LENIN

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.