Lenin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Lenin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

20130907

Lenin hezkuntza militarrari buruz


“Una clase oprimida que no aspirase a aprender el manejo de las armas, a tener armas, esa clase oprimida sólo merecería que se la tratara como a esclavos.  Nosotros, si no queremos convertirnos en pacifistas burgueses o en oportunistas, no podemos olvidar que vivimos en una sociedad de clases, de la que no hay ni puede haber otra salida que la lucha de clases.”

20130621

Lenin ustelkeriari buruz


"Kapitalismoan, masen soldatapeko esklabotzaren, gabezia eta miseriaren giro guztiak demokrazia hertsatu, uzkurtu, moztu egiten du. Horregatik, eta soilik horregatik, kapitalismoaren giroan gure erakunde politiko eta sindikaletako funtzionarioak ustelkerian erortzen dira (edo zehatzago hitz egiteko, ustelkerian erortzeko joera erakusten dute) eta burokrata bihurtzeko joera erakusten dute, hau da, masengandik banandutako, masen gainetik kokatutako pertsona pribilegiatuetan.

Horretan datza burokratismoaren esentzia, eta kapitalistak desjabetuak ez diren bitartean, burgesia eraisten ez den heinean, saihestezina izango da “burokratizazio” jakin bat, baita funtzionario proletarioena ere."

—Lenin, Estatua eta iraultza
 
 
Urkullu (baskongadetako satraperriko burua) eta
Etxaide burokrata (euskal burgesiaren zerbitzari)
...Borboia eta espainiar burgesiaren zerbitzariak
 
 

20130222

Lenin: Eraso-gerraren eta defentsa-gerraren arteko ezberdintasuna

Txinako burokratikoki deformatutako estatu proletarioko armadako kideak


ERASO-GERRAREN ETA DEFENTSA-GERRAREN ARTEKO EZBERDINTASUNA

1789 eta 1871 urteen arteko garaiak aztarna sakonak eta oroitzapen iraultzaileak utzi ditu. Feudalismoa, absolutismoa eta menperakuntza atzerritarraren uztarria suntsituak izan baino lehenago ezin zen inolaz ere sozialismoaren aldeko borroka proletarioaz hitz egin. Garai horretako gerrei buruz ari zirelarik, sozialistek “defentsa”-gerraren zilegitasunaz hitz egiten zutenean, beti zituzten gogoan, hain zuzen ere, helburu horiek, Erdi Aroko erregimenaren eta joputzaren aurkako iraultzan laburbiltzen zirenak. “Defentsa”-gerraz sozialistek beti ulertu dute gerra “justu” bat zentzu horretan (W. Liebknecht-ek behin esan zuen bezala). Soilik zentzu horretan onesten zuten eta onesten jarraitzen dute “sorterriaren defentsa” edo “defentsa”-gerra baten izaera zilegia, aurrerakoia eta justua. Demagun, bihar, Marokok Frantziari gerra deklaratzen diola, Indiak Ingalaterrari, Persiak edo Txinak Errusiari, eta abar, gerla horiek “bidezko” gerlak, “defentsa”-gerlak, izango lirateke, nork lehenago erasotu axola gabe, eta sozialista guztiek Estatu zapalduen, menpekoen, euren eskubideak urratuak dituztenen garaipenaren alde egingo luke indar zapaltzaile, esklabista eta harrapari “handien” aurka.

Baina, pentsa dezagun ehun esklabo dituen jabe batek berrehun dituen beste bati gerra egiten diola esklaboen banaketa “bidezkoago” batera iristeko. Bistan da egoera horretan “defentsa”-gerra edota “sorterriaren defentsa” kontzeptuak erabiltzea historia faltsutzea izango litzatekeela, eta, praktikan, esklabista azkarrek herri xeheari, burges-txikiei eta ezjakinei iruzur egitea esan nahiko luke. Hain zuzen ere, horrelaxe sartzen die gaur egun ziria burgesia inperialistak herriei, ideologia “nazionala” eta sorterriaren defentsaren ideia erabiliz, esklabotza sendotu eta indartzeko esklabistek borrokatzen duten egungo gerra honetan.

—LENIN, Sozialismoa eta gerra (1915)

Lenin: Gerra modernoen mota historikoak

Baztan (Nafarroa Garaia), 1794. urtean.
Iraultzaileek Nafarroako eta Frantziako erregea hil zuten, ondoren gerla piztu zen.
Frantziar armada iraultzailea, Iruñean ezik, beste euskal hiriburu guztietan izan zen.




GERRA MODERNOEN MOTA HISTORIKOAK

Frantziar Iraultza Handiak aro berri bat zabaldu zuen gizateriaren historian. Ordutik Pariseko Communea arte, hots, 1789tik 1871 arte, nazio askapen gerrak, izaera burges-aurrerakoia zutenak, gerra motetako bat ziren. Beste era batera esanda: gerra horien eduki nagusia eta esanahi historikoa absolutismoa eta feudalismoa eroraraztea, suntsitzea eta uztarri nazional atzerritarraz askatzea zen. Beraz, gerra aurrerakoiak ziren, eta demokrata zintzo eta iraultzaile oro, sozialista guztiak bezala, beti agertzen ziren, gerra horietan, erregimen feudalaren, absolutismoaren eta beste herri batzuen zapalketaren zutaberik arriskutsuenak suntsitzen edota hondatzen laguntzen zuten herrialdeen (hots, burgesiaren) garaipenaren alde. Horrela, adibidez, Frantziaren gerra iraultzaileetan frantsesei arrotz zitzaizkien lurren arpilatze eta konkista elementu bat izan zen, halere, horrek ez du inondik ere aldatzen gerra horien funtsezko esanahi historikoa, Europa zahar osoa, Europa feudala eraisten eta birrintzen zutelako. Frantzia-Prusia Gerran Alemaniak Frantzia arpilatu zuen, baina horrek ez du aldatzen gerra horren funtsezko esanahi historikoa, hamarnaka milioi alemaniar zatiketa feudaletik eta bi despotaren (errusiar tsarraren eta Napoleon III.aren) zapalkuntzatik askatu zituelako.

—LENIN, Vladímir Ilitx Ulianov: Sozialismoa eta gerra (1915)



Frantses Iraultza Handia: 1795eko afixa helebidunak amnistia aldarrikatzen du Izualditik ihes egindako euskaldunentzat (Euskomediaren arabera):
"Igualitatea - Libertatea | Tyranoei gerla - Populuey baquia | Franciaco populuaren icenean""

20130220

Lenin: "Gerrak ezin dira ezeztatu lehenago klaseak ezeztatu eta sozialismoa eraiki gabe"

Frantziar inperialisten gerra neokolonial atzerakoia Malin, 2013
 




SOZIALISMOA ETA GERRA:
SOZIALISTEN JARRERA GERREN AURREAN

Sozialistek beti gaitzetsi izan dituzte herrien arteko gerrak basatiak eta ankerrak direlako. Baina, gerraren aurrean dugun jarrera, funtsean, bakezale burgesek (bakearen zale eta defendatzaileek) eta anarkistek dutenarekin alderatuz bestelakoa da. Lehenengoetatik bereizten gara herrialde baten barnean klaseen arteko borroka eta gerren artean dagoen halabeharrezko lotura ulertzen dugulako, eta ulertzen dugulako gerrak ezin direla ezeztatu lehenago klaseak ezeztatu eta sozialismoa eraiki gabe; baita, erabat onartzen dugulako gerra zibilen zilegitasuna, izaera aurrerakoia eta beharrezkotasuna, hau da, klase zapalduaren gerra klase zapaltzailearen aurka, esklaboena esklabisten aurka,  jopuena lurjabeen aurka eta soldatapeko langileena burgesiaren aurka. Guk, marxistok, ez gatoz bat ez bakezaleekin ez anarkistekin gerra bakoitza bereziki eta historikoki ikastearen beharra (Marx-en materialismo historikoaren ikuspuntutik) defenditzen dugulako. Historiak gerra asko ezagutu ditu aurrerakoiak izan zirenak, eta nahiz-eta gerra orok halabeharrez eragiten dituen lazgarrikeriak, ankerkeriak, zorigaitzak eta oinazeak sortu, onuragarriak izan ziren gizateriaren aurrerabiderako, bereziki erakunde kaltegarri eta atzerakoiak (autokrazia edota joputza), eta despotismoaren erarik basatienak Europan (turkiarra eta errusiarra) birrintzen lagunduz. Horregatik, egungo gerraren berezitasun historikoak aztertu behar dira.

—Vladímir Ilitx Ulianov, LENIN: Sozialismoa eta gerra (1915)
Lenin, Trotsky eta bertze iraultzaile batzuk




 

20130130

Lenin: Gizarte komunistaren lehenengo fasea


LENIN: Estatua eta iraultza
(5. atala, 3. puntua)
 
3) GIZARTE KOMUNISTAREN LEHENENGO FASEA

 
Gotha-ko Programaren Kritikan, Marxek zehatz mehatz errefusatzen
du, sozialismoan, langileak “lanaren produktu osoa” jasoko
duela dioen ideia lassallearra. Marxek, gizarte guztiaren
lan sozial guztitik erreserbako fondo bat, ekoizpena handitzeko,
makina “gastatuak” berritzeko, eta abarrerako beste fondo bat,
eta kontsumorako objektuez gain, administrazio, eskola, hospitale,
zaharren egoitza, etab.entzat beste fondo bat deskontatu
beharko dela frogatzen du.
 
Lassalleren esaldi lauso, nahasi eta orokorraren ordez
(“langileari lanaren produktu osoa eman”), Marxek azterketa
zentzudun bat ematen du gizarte sozialistak bere aferak nola
administratu beharko dituenaren inguruan. Marxek, kapitalismoa
existituko ez den gizarte honen bizi baldintzen analisi
konkretuari heltzen dio, eta honela dio:

  “Hemen” (langile alderdiaren programaren azterketan)
“kontua ez da bere oinarriaren gainean garatu den gizarte komunista
bat, baizik eta alderantziz, hain zuzen ere gizarte kapitalistatik
irten berria den bat eta, beraz, oraindik ere bere alderdi
guztietan, ekonomikoan, moralean eta intelektualean,
gizarte zaharraren zigilua aurkezten duena, zeinaren barrenetatik
sortua izan baiten”.

  Gizarte komunista hau da, kapitalismoaren barrenetik
atera berria dena eta bere aspektu guztietan gizarte zaharraren
zigilua daramana, Marxek gizarte komunistaren “lehenengo”
fasea edo behe fasea deitzen diona.

Ekoizpen baliabideak jada gizabanakoen jabetza pribatu
izateari utzi diote gizarte guztiaren jabetza izateko. Bertako
kide bakoitzak, sozialki beharrezkoa den lanaren zati jakin bat
burutzean, gizartetik lan kopuru hau edo bestea egin izanaren
akreditazio agiri bat jasotzen du. Agiri honengatik, kontsumo
gaien biltegi sozialetatik dagokion produktuen kopurua eskuratzen
du. Behin fondo sozialera pasatzen den lan kopurua ondorioztatuta,
langile bakoitzak, beraz, gizartetik ematen dion
adina jasotzen du.

Dirudienez, “berdintasuna” da nagusi.

Baina Lassallek, ordena sozial honetaz mintzatzean (sozialismo
izendatu ohi dena eta Marxek komunismoaren lehen
fase izendatzen duena), hau “bidezko banaketa” dela dio, “bakoitzak
lanaren produktu berdinera duen eskubide berdina”
dela. Lassalle okertu egiten da, eta Marxek agerian uzten du
bere okerra.

Hemen “eskubide berdinak” —dio Marxek—, printzipioz,
oraindik “eskubide burgesa” izaten jarraitzen du, eskubide orok
bezala, desberdintasun bat aurresuposatzen duelarik. Eskubide
orok gizaki ezberdinei neurri berdina aplikatzea esan nahi du,
hauek benetan antzekoak ez direnean, elkarren artean berdinak
ez direnean; horrenbestez, “eskubide berdina” berdintasunaren
urratze bat eta bidegabekeria bat da. Egia esan, bakoitzak
bestearen lan sozialaren zati berdina egiten badu, produktu
sozialaren zati berdina jasotzen du (adierazitako ondorioak egin
ostean).
 

Hala ere, gizakiak ez dira berdinak: batzuk indartsuagoak
dira eta besteak ahulagoak; batzuk ezkondurik daude eta
besteak ezkongabe; batzuk besteek baino seme alaba gehiago
dituzte, etab.

 
“…Lan berdinarekin —amaitzen du Marxek— eta, beraz,
kontsumo fondo sozialeko partehartze berdinarekin, batzuk
besteek baino gehiago lortzen dute, batzuk besteak baino aberatsagoak
dira, etab. Eragozpen hauek guztiak ekiditeko, eskubideak
ez luke berdina izan behar, ezberdina baizik…”
 
Horrenbestez, komunismoko lehen faseak ezin du oraindik
justiziarik ez berdintasunik ezarri: aberastasun ezberdintasunek
irauten dute, ezberdintasun bidegabeek; baina jada
bazterturik geratuko da gizakiaren gizakiagatiko esplotazioa,
ez baita posible izango, jabetza pribatuko tituluarekin, ekoizpen
baliabideetaz, lantegietaz, makinetaz, lurraz, etab.etaz jabetzea.
Orokorrean “berdintasunari” eta “justiziari” buruzko
Lassalleren esaldi burges txikia birrinduz, Marxek gizarte komunistaren
garapenaren bilakaera seinalatzen du; lehenik,
behartua egongo da, soilik gizabanako isolatuek ekoizpen baliabideak
usurpatzean datzan “injustizia” hori suntsitzera,
baina ez da gai izango kolpetik beste injustizia ere suntsitzeko,
kontsumo gaiak “lanaren arabera” (eta ez beharren arabera)
banatzean datzan hura suntsitzeko.
 
Ekonomista zabarrek, irakasle burgesak barne, eta euren
artean “gure” Tuganek, sozialistei behin eta berriz gizakien
arteko ezberdintasuna ahazten dutela eta ezberdintasun
hau suntsitzea “amesten” dutela aurpegiratzen diete. Horrelako
gaitzespenek, ikusten dugun moduan, jaun ideologo burges
hauen erabateko ezjakintasuna bakarrik erakusten dute.
 

Marxek modurik zehatzenean hartzen du kontuan, ez
bakarrik gizakien ezberdintasun sahiestezina, baita ekoizpen
baliabideak gizarte guztiaren jabetza komun izatera pasatze
soilak ere (“sozialismoa”, hitzaren ohiko zentzuan) ez dituela
banaketaren akatsak eta “eskubide burgesaren” ezberdintasuna
ezabatzen, honek agintzen jarraitzen duela, produktuak
“lanaren arabera” banatzen diren heinean.

 
“…Baina akats hauek —jarraitzen du Marxek— ekidinezinak
dira gizarte komunistaren lehen fasean, gizarte kapitalistatik
jaiotzen baita erditze luze eta mingarri baten ondoren.
Eskubideak ezin du inoiz egitura ekonomikoaren ezta honek
baldintzatua den gizartearen garapen kultularalen gainetik
egon…”.
 

Honela beraz, gizarte komunistaren lehen fasean (sozialismoa
izendatu ohi dena), “eskubide burgesa” ez da erabat ezabatzen,
baizik eta soilik zati batean, soilik jada lorturiko eraldaketa
ekonomikoaren neurrian, hau da, soilik ekoizpen baliabideei
dagokienean. “Eskubide burgesak” gizabanakoen ekoizpen
baliabideen gaineko jabetza pribatua aitortzen du. Sozialismoak
hauek jabetza komun bihurtzen ditu. Zentzu honetan —eta
soilik zentzu honetan— desagertzen da “eskubide burgesa”.

 
Hala ere, eskubide honek bere beste aspektu batean ere
irauten du: gizarteko kideen artean produktuen banaketaren
eta lanaren banaketaren erregulatzaile bezala. “Lan egiten ez
duenak ez du jaten”: printzipio sozialista hau jada errealitate
bat da; “lanaren kopuru berdinari, produktuen kopuru berdina”:
printzipio sozialista hau ere jada errealitate bat da. Baina
hau ez da oraindik komunismoa, ez du oraindik “eskubide
burgesa” ezabatzen, honek produktu kopuru berdina ematen
baitie berdinak ez diren gizakiei eta lanaren kopuru ezberdinagatik
(ezberdina izatez).
 

Hau “akats” bat da, dio Marxek, baina komunismoaren lehen
fasearen akats ekidinezina, zeren, utopian erori gabe, ezin
pentsa daiteke, kapitalismoa eraistean, gizakiek berehala gizartearentzako
lan egiten ikasiko dutenik inongo eskubide arauri
heldu gabe; gainera, kapitalismoaren abolizioak ez ditu bat-
batean aldaketa honetarako premisa ekonomikoak ezartzen.

 
Beste arauak, “eskubide burgesetik” kanpo, ez dira existitzen
eta, horrenbestez, oraindik Estatuaren beharrak iraun
egiten du, ekoizpen baliabideen jabetza komuna zainduz, lanaren
berdintasuna eta produktuen banaketaren berdintasuna
zainduko duela.

 
Estatua kapitalistak ez dauden heinean, jada klaseak ez
dauden heinean iraungitzen da eta, honexegatik beragatik, ez
dago inongo klaserik erreprimitu beharrik.
 

Baina Estatua ez da oraindik guztiz iraungitu, zeren benetako
berdintasuna zigortzen duen “eskubide burgesaren”
babesak irauten du. Estatua erabat iraungitzeko beharrezkoa
da erabateko komunismoa.

 
—LENIN, Estatua eta Iraultza

20121130

Lenin: Errusiar eta poloniar sozialdemokraziaren eta II. Internazionalaren jarrera nazioen autodeterminazioaren inguruan

Irudian zalditeria gorria poloniar burgesiaren aurkako gerra iraultzailean. Boltxebikeek Poloniaren askatasuna defendatu zuten, baina behin sovietar boterea indarrean zegoela poloniar armada kontrairaultzailea, Frantziaren aginduz, Ukraina sovietarra erasotu zuen.


Lenin

9.- Errusiar eta poloniar sozialdemokraziaren eta II. Internazionalaren jarrera nazioen autodeterminazioaren inguruan

 

Autodeterminazioari buruz errusiar sozialdemokrata iraultzaileen [=boltxevikeen] eta poloniar sozialdemokraten artean zituzten desadostasunak 1903an agerian geratu ziren —EAPSD Errusiako Alderdi Proletario SozialDemokrataren programa onetsi zuen Biltzarrean— eta nahiz-eta poloniar sozialdemokraten ordezkariek protesta egin, bere programaren 9. paragrafoa onartu zen, nazioen autodeterminazio eskubidea aitortzen duena. Ordutik, poloniar sozialdemokratek ez zuten inoiz errepikatu, euren Alderdiaren izenean, 9. paragrafoa ezabatzearen edo beste adierazpenen batengatik ordezkatzearen proposamena.

Errusian —non nazio zapalduetako biztanleria ez den %57a baino baxuagoa, 100 milioi lagun baino gehiago; non nazio horiek batez ere muga-inguruetako lurraldeetan kokatzen diren; non nazio horiek errusiarrak baino kultura handiagoa duten; non erregimen politikoa bere izaera bereziki basatiagatik eta Erdi Arokoagatik nabarmentzen den; non oraindik ez den gauzatu iraultza demokratiko-burgesa— tsarismoak zapaldutako nazioek Errusiatik libreki banatzeko eskubidearen aitortza erabat nahitaezkoa da sozialdemokratentzat, beren helburu demokratiko eta sozialisten izenean. Gure Alderdia, 1912ko urtarrilean berreraikia izan dena, 1913an autodeterminazio eskubidea berresten zuen erabakia hartu zuen, eta oraintxe adierazitako zentzu zehatzean azaldu zuen. 1914-1916ko errusiar chauvinismoaren gehiegikeriak, bai burgesiaren bai sozialista oportunisten (Rubanovitx-en, Plekhanov-en, Nashe Dielo-ren, eta abarren) baitan zabaldu dena, aldarrikapen hori indar gehiagoz defendatzera eta aldarrikapen hori ukatzen dutenek, prakitikan, chauvinismo errusiarra eta tsarismoa sostengatzen dutela adieraztera bultzatzen gaitu. Gure Alderdiak irmoki aditzera ematen du autodeterminazio eskubidearen aurkako halako adierazpenetan ardurarik ez duela.

Berriki adierazi bezala (Zimmerwald-eko Biltzarreko poloniar sozialdemokraziaren adierazpena), poloniar sozialdemokraziak auzi nazionalean duen jarrera honako hau da:

Adierazpen horrek alemaniar gobernua zein beste gobernu batzuk gaitzesten ditu “poloniar lurraldeak” bahitura bat bezala hartzen dutelako etorkizuneko konpentsazioen azpijokorako, “poloniar herriari bere kabuz bere etorkizuna erabakitzeko aukera galaraziz”. “Poloniar sozialdemokraziak era kategoriko eta irmoan protesta egiten du herrialde oso baten zatikapenaren eta banaketaren aurka”… “Herrialde zapalduen askapenaren kausa” Hohenzollern-en esku utzi dituzten sozialistak gaitzesten ditu. Eta honako uste sendo hau adierazten du: Nazioarteko proletalgo iraultzailearen berehalako borrokak, sozialismoaren aldeko borrokak, “zapalkuntza nazionalaren kateak hautsiko ditu, atzerriko menperakuntza guztien formak suntsituko ditu eta poloniar herriari garapen libre eta zabal bat ziurtatuko dio, berdintasunezko status batean, herrien batasunean”. Adierazen horrek gerra “bi aldiz fratrizidatzat jotzen du poloniarrentzat” (Nazioarteko Batzorde Sozialistaren buletina, 2. zenbakia, 15. orrialdea, 1915eko irailaren 27a; errusierazko itzulpena Internazionala eta gerra bilduman agertu zen, 97. orrialdean).

Tesi horiek, funtsean, ez dira nazioen autodeterminazio eskubidearen aitortzaren ezberdinak, baina bere adierazpide politikoak II. Internazionalaren programa eta erabaki gehienek baino zehaztugabetasun eta lausotasun gehiago erakusten dute. Ideia horiek adierazpide politiko zehatzetan adierazteko saiakera oro, eta, erregimen kapitalista bati, edo soilik erregimen sozialista bati, aplika daitezkeen zehaztea, poloniar sozialdemokratek nazioen autodeterminazioa arbuiatzean egiten duten akatsa are ageriago utziko du.

1896ko Londreseko Nazioarteko Biltzar Sozialistaren erabakia, nazioen autodeterminazio eskubidea aitortzen duena, osatu egin behar da, gorago azaldu ditugun tesietan oinarriturik, honako argibideekin:

1) Inperialismoaren-pean aldarrikapen horrek premia berezia du.

2) Demokrazia politikoaren aldarrikapen guztiek, aldarrikapen hau baztertu gabe, baldintzapeko izaera politikoa eta eduki klasista dute.

3) Nazio zapaltzaileen eta nazio zapalduen sozialdemokraten zeregin zehatzak ezberdintzea beharrezkoa da.

4) Oportunistek eta kautskiarrek autodeterminazioaren esanahi politikoaren inguruan egiten duten aitortza inkontsekuentea, erretorikoa eta, beraz, itxurazalea da.

5) “Euren” nazioak zapaltzen dituen kolonien eta herrialde menperatuen banatze askatasuna defenditzen ez duten sozialdemokratek, bereziki potentzia handietakoek ( errusiarrek, anglo-iparramerikarrek, alemaniarrek, frantziarrek, italiarrek, japoniarrek, eta abarrek) benetako antzekotasuna dute chauvinistekin.

6) Aldarrikapen horren aldeko borroka, demokrazia politikoaren funtsezko aldarrikapen guztiak bezala, gobernu burgesak uzkailtzearen eta sozialismoa errealitate bihurtzearen aldeko masen borroka iraultzaile zuzenaren menpe dago.

Internazionalera eramatea zenbait nazio txikiren ikuspuntua —bereziki poloniar sozialdemokratena, goiburu nazionalistekin herria engainatzen duen poloniar burgesiaren aurkako borrokan, modu desegokian autodeterminazioa ukatzera iritsi direnak— akats teorikoa litzateke; proudhonismoa marxismoaren ordez defendatzea litzateke, praktikan potentzia handien chauvinismo eta oportunismorik arriskutsuena nahigabe sostengatzea litzateke.

Errusiako Alderdi Proletario SozialDemokrataren Sotsial-Demokrat egunkariaren erredakzioak
(*Post-scriptuma ez da itzuli)

 
—Lenin, Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1916)

20121117

Lenin izu iraultzaileari buruz


Britainiar burgesek euren 1649a ahantzi dute, eta frantsesek euren 1793a. Izua justua eta zilegia zen burgesiak bere alde erabiltzen zuenean jaun feudalen aurka. Izua higuingarria eta kriminala bilakatu da langileek eta nekazari pobreek burgesiaren aurka erabiltzen ausartu direnean! Izua justua eta zilegia zen gutxiengo esplotatzaile batek erabiltzen zuenean beste gutxiengo esplotatzaile bat ordezkatzeko. Izua higuingarria eta kriminala bilakatu da gutxiengo esplotatzaile guztiak boteretik botatzeko erabiltzen denean benetan gehiengo zabalena denaren onurarako, proletario eta semiproletarioen onurarako, langileriarentzat eta nekazari pobreentzat!

—LENIN, Iparramerikar langileei bidalitako eskutitza, 1918ko abuztuaren 22an, Pravda ,178 zenbakia.

Beldurra eta errepresioa, kapitalismoaren zutabeak:

20121111

Lenin: Indartsuak zaretenean 'gizartea' zuen alde dago

Trotsky, Lenin, Kamenev

Liberalek (eta likidadoreek) honako hau esaten diete langileei: «indartsuak zarete “gizartea” zuen alde dagoenean» ; marxistak beste era batean hitz egiten die: «indartsuak zaretenean “gizartea” zuen alde dago». Gizartetzat ulertu behar da kasu horretan populazioaren sektore domokratiko ezberdinak, burgesia-txikia, nekazariak, langileekin harreman zuzena duten intelektualak, bulegoko enplegatuak, eta abar.

—Lenin, Greba ekonomikoak eta greba politikoak (1912)


Lenin
Los liberales (y los liquidadores) dicen a los obreros: “sois fuertes cuando teneis la simpatía de la ‘sociedad’”; el marxista les habla de otra manera: “la ‘sociedad’ os tiene simpatía cuando sois fuertes”. Por sociedad hay que entender en este caso todos los distintos sectores democráticos de la población, la pequeña burguesía, los campesinos, los intelectuales que tienen contacto directo con los obreros, los empleados de oficina, etc.

—Lenin, Huelgas economicas y huelgas politicas (1912)

20121106

Lenin: Proletalgoaren eginkizun zehatzak berehalako etorkizunean

Lenin eta Trotsky boltxebikeak

8.- Proletalgoaren eginkizun zehatzak berehalako etorkizunean

Iraultza sozialista etorkizunik hurbilenean has daiteke. Kasu horretan, proletalgoak aurrean izanen du Boterearen konkistaren, bankuen desjabetzearen eta beste neurri diktatorialen egikaritzearen berehalaxeko eginkizuna. Burgesia —eta modu berezi batean fabianoen eta kautskiarren erako intelektualek— une horretan iraultza geldiarazten eta oztopatzen saiatuko da, helburu demokratikoak, mugatuak, ezarriz. Aldarrikapen demokratiko huts guztiek —proletalgoak Botere burgesaren oinarriak erasotzen hasi ondorengo egoeran—iraultza, zentzu batean, oztopatzeko balio dezakete; baina herri zapaldu guztien askatasuna aldarrikatzea eta egikaritzea (hots, euren autodeterminazio eskubidea) hain premiazkoa izanen da iraultza sozialistan nola izan zen iraultza demokratiko-burgesaren garaipenean, adibidez, Alemanian 1848an, edo Errusian 1905ean.

Halere, iraultza sozialista hasten denerako bortz, hamar edo urte gehiago igaro daitezke. Beraz, egin beharreko lana masen heziketa iraultzailea izanen da, era batean non alderdi proletarioaren barnean sozialista-chauvinistarik eta oportunistarik egotea, edo euren 1914-1916koaren antzeko garaipenik erdiestea, ezinezkoa izanen den. Sozialistek azaldu beharko dute sozialista ingelesek (kolonietako eta Irlandako banatze askatasuna aldarrikatzen ez dutenek), alemaniar sozialistek (kolonien, alsaziarren, daniarren eta poloniarren banatze askatasuna aldarrikatzen ez dutenek eta ez dutenek berehalako propaganda iraultzailea eta masen ekintza iraultzailea nazio zapalkuntzaren aurkako borrokaren alorrera hedatzen, ez dutenek Saverne-ko aferaren antzeko gertakizunik profitatzen nazio zapaltzailearen proletalgoaren artean propaganda ilegal zabalenerako, kale-agerraldiak eta masen ekitaldi iraultzaileak antolatzeko), errusiar sozialistek (finlandiar, poloniar, ukrainiar eta abarren banatze askatasuna aldarrikatzen ez dutenek), chauvinisten gisako jarrera dutela, monarkia inperialisten eta burgesia inperialistaren odolez eta lokatzez zikindutako lekaioen gisakoa.

—Lenin, Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1916)
"Komunismoa",  iraultzaileen pankarta
 

Finlandiar Gerra Zibila: Eroritako iraultzaileen gorpuak. Boltxebikeek, internazionalista gisa, finlandiar independentzia defendatu zuten, baita haien gerra iraultzailea ere.

20121103

Lenin: Sozialxobinismoa eta nazioen autodeterminazioa


7.- Sozialchauvinismoa eta nazioen autodeterminazioa

Aro inperialistak eta 1914-1916ko gerrak eragin dute chauvinismoaren eta nazionalismoaren aurka borrokatzearen eginkizuna benetako inportantzia izatea. Autodeterminazioaren auzian bi ñabardura nagusi bereizten dira sozialchauvinisten artean, hau da, oportunisten eta kautskiarren artean; “sorterriaren defentsa” kontzeptua erabiltzen dutelarik gerra inperialista atzerakoia edertzeko.

Alde batetik, burgesiaren zerbitzari aski aitortuak ikusten ditugu, anexioak defendatzen dituztenak inperialismoa eta kontzentrazio politikoa aurrerakoiak direla argudiatuz, eta autodeterminazio eskubidea uko eginez, ustez utopikoa dena, ameskeriazkoa, burges-txikia eta abar. Horien artean Cunow, Parvus eta Alemaniako ultraoportunistak topatzen dira, fabianoen zati bat eta Ingalaterrako buruzagi sindikalak, Errusiako oportunistak: Semkovsky, Liebman, Iurkevitx eta abar.

Bestalde, kautskiarrak ditugu, hauen artean Vandervelde, Renaudel eta Ingalaterrako eta Frantziako bakezale asko aurkitzen direlarik. Aurretik aipatu ditugunekin elkartzearen alde daude, eta praktikan erabat egiten dute bat haiekin, autodeterminazio eskubidea modu erretoriko soil eta hipokrita batean bakarrik defendatzean: “gehiegizkoa” (zu viel verlangt: Kautsky, Neue Zeit-en, 1915eko maiatzaren 21ean) iruditzen zaie bereizketa politikorako askatasunaren aldarrikapena, nazio zapaltzaileetako sozialisten taktika iraultzailearen beharra ez dute babesten, alderantziz, hauen betebehar iraultzaileak ezkutatzen dituzte, hauen oportunismoa justifikatzen dute, hauek herria engainatzea errazten dute, euren eskubideez gabetu dituzten nazioak bere agintepean indarrez atxiloturik dituen Estatu baten mugen arazoa saihesten dute, etab.

Bai batzuk nola besteak marxismoa prostituitzen duten oportunistak dira, Marxek Irlandaren kasurako azaldu zuen taktikaren esangura teorikoa eta premiatasun praktikoa ulertzeko gaitasun osoa erabat galdu dutelarik.

Zehazki anexioei dagokienean, arazo honek gaurkotasun berezia hartu zuen gerra zela-eta. Baina zer da anexio bat? Erraza da iragartzea anexioen aurkako protesta, edo nazioen autodeterminazioaren onarpenean laburbiltzen dela edota fraseologia bakezale batean oinarritzen dela, statu quoa defendatuz eta indarkeria orori aurka eginez, baita iraultzaileari ere. Halako fraseologia funtsean faltsua eta bateraezina da marxismoarekin

—Lenin, Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1916)

20121102

Lenin: Hiru motako herrialde, autodeterminazio eskubideari dagokionez

Trotsky eta Lenin

6.- Hiru motako herrialde, autodeterminazio eskubideari dagokionez

Horri buruz beharrezkoa da hiru multzo nagusi bereiztea herrialdeen artean:

Lehendabizi, Europa mendebaldeko eta Estatu Batuetako herrialde kapitalista aurreratuak. Horietan duela denbora asko bukatu ziren mugimendu nazional burges-aurrerakoiak. Nazio “handi” horietako bakoitzak beste batzuk zapaltzen ditu kolonietan eta herrialdearen barnean. Nazio menperatzaileetako proletalgoaren zereginak XIX. mendean Ingalaterrako proletalgoak Irlandarekiko izan zituenaren berdinak dira.(*)

Bigarrenik, Europako ekialdea: Austria, Balkanak, eta bereziki Errusia. Horietan XX. mendeak garapen berezi bat eragin zuen mugimendu nazional demokratiko-burgesetan, eta borroka nazionala areagotu zuen. Herrialde horietako proletalgoaren zereginak, bai eraldaketa demokratiko-burgesaren burutzeari, bai beste herrialde batzuetan iraultza sozialistaren aldeko laguntzari dagokionez, ezin dira gauzatu nazioen autodeterminazio eskubidea defendatu gabe. Hor, hain zuzen ere, lanik zailena baina inportanteena da nazio zapaltzaileen eta zapalduetako langileen klase borroka bateratzea.

Hirugarrenik, herrialde semikolonialak, Txina, Persia, Turkia eta kolonia guztiak; orotara 1.000 milioi biztanle inguru. Hor, mugimendu demokratiko-burgesak, alde batetik bere hastapenean dira eta bestetik beren bukaeratik urrun. Sozialistek aldarrikatu behar dute, ez soilik indemnizaziorik gabeko baldintzagabeko eta berehalako emantzipazioa kolonientzako —aldarrikapen horrek, bere adierazpide politikoan, autodeterminazio eskubidearen aitortza esan nahi du—; sozialistek erarik tinkoenean babestu behar dituzte herrialde horietako nazio askapenerako mugimendu demokratiko-burgesetako elementurik iraultzaileenak eta euren matxinada sostengatu —eta hala gertatuz gero, euren gerra iraultzailea ere— potentzia inperialista zapaltzaileen aurka.

(*) Leninen oin-oharra ez da sartu itzulpen honetan

—LENIN, Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1916ko urtarril-otsailean idatzia)
Balkanetan komunistek Jugoslaviar Errepublika Federal Sozialista ezarri zuten alemaniar inperialistak eta balkanetako kontrairaultzaileak jipoitu ostean
 
1949ko iraultza sozialak ahalbideratu du Txina Popularrak bere egoera koloniala atzean uztea, japoniar inperialistak eta KMTko txinatar nazionalistak garaituz

 
 

20121028

Lenin: Marxismoa eta proudhonismoa auzi nazionalean


Lenin:
Marxismoa eta proudhonismoa auzi nazionalean

Demokrata burgestxikiek ez bezala, Marxek aldarrikapen demokratiko guztietan salbuespenik gabe ikusten zuen, ez gertakari absolutu bat, baizik-eta herri masen borrokaren adierazpide historiko bat, burgesiak zuzendurikoa feudalismoaren aurka. Ez dago horien artean aldarrikapen bakar bat ere ezin izango litzatekeena erabili, eta zenbait egoeretan erabilia izan ez dena, burgesiak langileak engainatzeko. Zentzu horretan demokrazia politikoaren aldarrikapen bat azpimarratzea, hau da, nazioen autodeterminazio eskubidea, gainontzekoei kontrajartzeko, ikuspuntu teorikotik guztiz faltsua da. Praktikan, proletalgoak bere independentzia politikoa mantendu dezake soilik aldarrikapen demokratiko guztien aldeko borroka — errepublikarena baztertu gabe— burgesia boteretik kentzearen aldeko borrokaren menpe jarriz.

Bestalde, proudhonzaleek ez bezala, auzi nazionala “ukatzen” dutenek “iraultza sozialaren izenean”, Marxek, herrialde aurreratuetako proletalgoaren klase borrokaren interesak gehienbat kontuan harturik, internazionalismoaren eta sozialismoaren funtsezko printzipioak nabarmentzen zituen lehen mailan: Beste herri batzuk zapaltzen dituen herria ezin da askea izan. Hain zuzen ere alemaniar langileen mugimendu iraultzailearen ikuspuntutik, Marxek eskatzen zion 1848an Alemaniako demokrazia garaileari alemanek zapaldutako herrien askatasuna aldarrikatzea eta gauzatzea. Hain zuzen ere langile ingelesen mugimendu iraultzailearen ikuspuntutik, Marxek eskatzen zuen 1869an Irlanda Ingalaterratik askatzea, honako hau erantsiz: “nahiz-eta askatu ondoren federaziora heldu”. Soilik aldarrikapen hori eginez hezitzen zituen Marxek benetan langile ingelesak jarrera internazionalista batean. Soilik era horretan arazo historiko horren irtenbide iraultzailea kontrajarri ahal izan zuen oportunisten aurrean, erreformismo burgesaren aurrean, gaurdaino, mende erdi beranduago, irlandar “erreforma” burutu ez duena. Soilik era horretan defendatu ahal izan zuen Marxek —kapitalaren apologisten, nazio txikien sezesio-askatasunaren izaera utopiko eta eginezinaz, eta kontzentrazioaren izaera aurrerakoiaz (bai politiko bai ekonomikoaz)  orro egiten dutenen aurrean— kontzentrazio horren izaera aurrerakoia modu ez inperialista baten bidez, eta nazioen elkarren arteko hurbiltzea, ez indarraren bitartez, baizik-eta herrialde guztietako proletarioen bategite librearen bitartez. Soilik era horretan kontrajarri ahal izan zuen Marxek —arazo nazionalen irtebidearen alorrean baita ere— masen ekintza iraultzailea nazioen arteko eskubide berdintasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenen aitortza erretorikoen eta sarri itxurakeriz egindakoen aurrean. 1914-1916ko gerra inperialistak eta itxurakeri oportunistaren eta kautskiarraren Augias-en zalditegiek, gerra honek agerian utzi dituenak, Marxen politikaren zuzentasunaren baieztapen nabarmena dira, zeina erakusbide izan behar duen herrialde aurreratu guztientzat, horietako bakoitzak beste nazio batzuk zapaltzen dituelako gaur egun.

—Vladimir Ilitx Ulianov, LENIN. Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1916)
Donostia, Gipuzkoa: komunistak manifestazio batean errepublika kapitalistaren garaian