Lenin
9.- Errusiar eta
poloniar sozialdemokraziaren eta II. Internazionalaren jarrera nazioen
autodeterminazioaren inguruan
Autodeterminazioari
buruz errusiar sozialdemokrata iraultzaileen [=boltxevikeen] eta poloniar sozialdemokraten artean zituzten
desadostasunak 1903an agerian geratu ziren —EAPSD Errusiako Alderdi Proletario
SozialDemokrataren programa onetsi zuen Biltzarrean— eta nahiz-eta poloniar
sozialdemokraten ordezkariek protesta egin, bere programaren 9. paragrafoa
onartu zen, nazioen autodeterminazio eskubidea aitortzen duena. Ordutik,
poloniar sozialdemokratek ez zuten inoiz errepikatu, euren Alderdiaren izenean,
9. paragrafoa ezabatzearen edo beste adierazpenen batengatik ordezkatzearen
proposamena.
Errusian —non
nazio zapalduetako biztanleria ez den %57a baino baxuagoa, 100 milioi lagun
baino gehiago; non nazio horiek batez ere muga-inguruetako lurraldeetan
kokatzen diren; non nazio horiek errusiarrak baino kultura handiagoa duten; non
erregimen politikoa bere izaera bereziki basatiagatik eta Erdi Arokoagatik
nabarmentzen den; non oraindik ez den gauzatu iraultza demokratiko-burgesa—
tsarismoak zapaldutako nazioek Errusiatik libreki banatzeko eskubidearen
aitortza erabat nahitaezkoa da sozialdemokratentzat, beren helburu demokratiko
eta sozialisten izenean. Gure Alderdia, 1912ko urtarrilean berreraikia izan
dena, 1913an autodeterminazio eskubidea berresten zuen erabakia hartu zuen, eta
oraintxe adierazitako zentzu zehatzean azaldu zuen. 1914-1916ko errusiar
chauvinismoaren gehiegikeriak, bai burgesiaren bai sozialista oportunisten
(Rubanovitx-en, Plekhanov-en, Nashe Dielo-ren,
eta abarren) baitan zabaldu dena, aldarrikapen hori indar gehiagoz defendatzera
eta aldarrikapen hori ukatzen dutenek, prakitikan, chauvinismo errusiarra eta
tsarismoa sostengatzen dutela adieraztera bultzatzen gaitu. Gure Alderdiak
irmoki aditzera ematen du autodeterminazio eskubidearen aurkako halako
adierazpenetan ardurarik ez duela.
Berriki adierazi
bezala (Zimmerwald-eko Biltzarreko poloniar sozialdemokraziaren adierazpena),
poloniar sozialdemokraziak auzi nazionalean duen jarrera honako hau da:
Adierazpen horrek
alemaniar gobernua zein beste gobernu batzuk gaitzesten ditu “poloniar
lurraldeak” bahitura bat bezala hartzen dutelako etorkizuneko konpentsazioen
azpijokorako, “poloniar herriari bere
kabuz bere etorkizuna erabakitzeko aukera galaraziz”. “Poloniar
sozialdemokraziak era kategoriko eta irmoan protesta egiten du herrialde oso baten zatikapenaren eta
banaketaren aurka”… “Herrialde
zapalduen askapenaren kausa” Hohenzollern-en esku utzi dituzten sozialistak
gaitzesten ditu. Eta honako uste sendo hau adierazten du: Nazioarteko
proletalgo iraultzailearen berehalako borrokak, sozialismoaren aldeko borrokak,
“zapalkuntza nazionalaren kateak hautsiko
ditu, atzerriko menperakuntza guztien
formak suntsituko ditu eta poloniar herriari garapen libre eta
zabal bat ziurtatuko dio, berdintasunezko
status batean, herrien batasunean”.
Adierazen horrek gerra “bi aldiz
fratrizidatzat jotzen du poloniarrentzat” (Nazioarteko Batzorde Sozialistaren
buletina, 2. zenbakia, 15. orrialdea, 1915eko irailaren 27a; errusierazko
itzulpena Internazionala eta gerra
bilduman agertu zen, 97. orrialdean).
Tesi horiek,
funtsean, ez dira nazioen autodeterminazio eskubidearen aitortzaren ezberdinak,
baina bere adierazpide politikoak II. Internazionalaren programa eta erabaki
gehienek baino zehaztugabetasun eta lausotasun gehiago erakusten dute. Ideia
horiek adierazpide politiko zehatzetan adierazteko saiakera oro, eta, erregimen
kapitalista bati, edo soilik erregimen sozialista bati, aplika daitezkeen
zehaztea, poloniar sozialdemokratek nazioen autodeterminazioa arbuiatzean
egiten duten akatsa are ageriago utziko du.
1896ko Londreseko
Nazioarteko Biltzar Sozialistaren erabakia, nazioen autodeterminazio eskubidea
aitortzen duena, osatu egin behar da, gorago azaldu ditugun tesietan
oinarriturik, honako argibideekin:
1)
Inperialismoaren-pean aldarrikapen horrek premia berezia du.
2) Demokrazia
politikoaren aldarrikapen guztiek, aldarrikapen hau baztertu gabe,
baldintzapeko izaera politikoa eta eduki klasista dute.
3) Nazio
zapaltzaileen eta nazio zapalduen sozialdemokraten zeregin zehatzak
ezberdintzea beharrezkoa da.
4) Oportunistek
eta kautskiarrek autodeterminazioaren esanahi politikoaren inguruan egiten
duten aitortza inkontsekuentea, erretorikoa eta, beraz, itxurazalea da.
5) “Euren”
nazioak zapaltzen dituen kolonien eta herrialde menperatuen banatze askatasuna
defenditzen ez duten sozialdemokratek, bereziki potentzia handietakoek (
errusiarrek, anglo-iparramerikarrek, alemaniarrek, frantziarrek, italiarrek,
japoniarrek, eta abarrek) benetako antzekotasuna dute chauvinistekin.
6) Aldarrikapen
horren aldeko borroka, demokrazia politikoaren funtsezko aldarrikapen guztiak
bezala, gobernu burgesak uzkailtzearen eta sozialismoa errealitate bihurtzearen
aldeko masen borroka iraultzaile zuzenaren menpe dago.
Internazionalera
eramatea zenbait nazio txikiren ikuspuntua —bereziki poloniar
sozialdemokratena, goiburu nazionalistekin herria engainatzen duen poloniar
burgesiaren aurkako borrokan, modu desegokian autodeterminazioa ukatzera iritsi
direnak— akats teorikoa litzateke; proudhonismoa marxismoaren ordez defendatzea
litzateke, praktikan potentzia handien chauvinismo eta oportunismorik
arriskutsuena nahigabe sostengatzea litzateke.
Errusiako Alderdi Proletario
SozialDemokrataren Sotsial-Demokrat egunkariaren erredakzioak
(*Post-scriptuma
ez da itzuli)
—Lenin, Iraultza
sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1916)


iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.