![]() |
| Karl Marx Diego Riveraren mural batean |
LUIS BONAPARTEREN
BRUMARIOKO HEMEZORTZIA
Karl Marx
I
Hegel-ek dio nonbait historia unibertsaleko gertakari eta
pertsonaia handi guztiak bi aldiz jazotzen direla nolabait esateko. Baina
ahaztu egin zitzaion gehitzea: batean tragedia gisa eta bestean fartsa gisa.
Caussidière Dantonen ordez, Louis Blanc Robespierreren ordez, 1848tik 1851rako
Montagne 1793tik 1795erako Montagneren ordez, iloba osabaren ordez. Eta
karikatura bera Brumarioko Hemezortziaren bigarren argitarapena laguntzen duten
inguruabarretan!
Gizakiek beren
historia propioa egiten dute, baina ez dute egiten gogoak ematen dien bezala,
berek hautaturiko inguruabarren pean, baizik eta bitartegabe aurkituriko,
existitzen diren eta iraganetik hartutako inguruabarren pean. Hildako
belaunaldi guztien tradizioak lokamuts batek bezala zanpatzen du bizien
burmuina. Eta lanpetuak diruditenean beren buruak eta gauzak eraldatzen, ordu
arte izan ez den zerbait sortzen, krisi iraultzaileko aldi horietan, hain zuzen
ere, hortxe araotzen dituzte beldurti beren erbestean iraganeko espirituak, haien
izenak maileguan harzten dituzte, haien gerra-kontsignak, haien janzkera,
zahartzaro beneragarrizko eta mailegaturiko hizkuntza horrekin, historia
unibertsaleko eszena berria antzezteko. Horrela, Lutero Paulo apostolua bezala
desgisatu zen, 1789-1814 errepublika erromatar eta inperio erromatar bezala
jantzi zen txandaka, eta 1848ko iraultzak ez zuen jakin hemen 1789 eta han
1793tik 1795erako tradizio iraultzailea parodiatzea baino gauza hoberik egiten.
Hizkuntza berri bat ikasi duen hasiberria bezala da: bere ama-hizkuntzara
itzuliko du, baina hizkuntza berriaren espiritua soilik norbereganatzen da eta
hartan libreki produzitzeko gai izaten da haren barruan zaharra gogoratu gabe
jaiotzatiko hizkuntza ahazten duenean.
Historia unibertsaleko hildakoen araotzeak kontsideratzen
baditugu, berehalaxe agertzen da alde nabarmen bat. Camille Desmoulins, Danton,
Robespierre, St-Just, Napoleon, heroiak, antzinako iraultza frantseseko
alderdia eta masak bezala, bete egin zuten, erromatarren jantzipean eta erromatar
esapideekin, beren garaiko egitekoa: kateetatik askatu eta gizarte burges
modernoa ezartzea. Batzuek txikimila egin zituzten lurzoru feudalak eta hartan
sortutako buru feudalak moztu egin zituzten. Besteak Frantziaren barruan sortu
zituen baldintzak, zeinen azpian konkurrentzia askea garatzea ahalgarri
baitzen, lur-jabetza partzelatua ustiatu, nazioaren produkzio-indar industrial,
liberatuak aplikatu; eta muga frantsesez haraindi taxuera feudalak nonahi
ekortu zituen, hori beharrezkoa zen mailan, Frantziako gizarte burgesa europar
kontinentean giro egokiz, garaietara moldatuz inguratzeko. Formazio sozial
berria ezarri ondoren, desagertu egin ziren uholdeaurreko kolosoak eta haiekin
erromantizismo berpiztua: Brutoak, Grakoak, Publikolak, tribunuak, senatoreak
eta Zesar bera ere bai. Gizarte burgesa bere errealitate gartxuak bere
interprete eta bozeramaileak sortuak zituen Sayengan, Cousinengan,
Royer-Collardengan, Benjamin Constantengan eta Guizotengan; haren egiazko
buruzagiak merkataritza-bulegoetan zeuden, eta Louis XVIII.aren urdaiburua zen
haren buru politikoa. Aberastasunaren produkzioak eta konkurrentziaren borroka
bakezkoak erabat hurrupaturik, jadanik ez zen gogoratzen erromatarren garaiko
mamuek babestu zutela bere sehaska. Baina gizarte burgesa batere heroikoa ez
bada ere, hura mundura ekartzeko beharrezkoak izan ziren, hala ere, heroismoa,
buru-ukapena, terrorea, gerra zibila eta herrien batailak. Eta haren
gladiatoreek erromatar errepublikako tradizio klasiko zorrotzetan ideialak eta
forma artistikoak, beren borroken eduki burgeski mugatua beren buruari
estaltzeko lilurak eta beren grinari tragedia historiko handiaren parean
eusteko. Horrela, garapenaren beste fase batean, mende bat lehenago, Cromwell
eta populu ingelesa Itun Zaharrera joan ziren beren iraultza burgeserako
hizkuntza, grinak eta lilura bilatzera. Jomuga erreala lorturik, gizarte
ingelesaren eraldatze burgesa eginik, Lockek desplazatu zuen Habakkuk.
Iraultza haietan hildakoen berpizteak balio zuen, beraz,
borroka berriak loriatzeko eta ez antzinakoak parodiatzeko, emandako
betebeharra fantasian bapikatzeko eta ez atzera egiteko errealitatean hura
betetzetik, berriro iraultzaren espiritua aurkitzeko eta ez haren mamua alde
batetik bestera ibilarazteko.
—Karl MARX, Louis Bonaparteren lainoteko
(brumarioko) hemezortzia

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.