20130914

Karl Marx: "Iraultza bakoitzaren ondoren...gero eta ageriago agertzen da estatuaren izaera zapaltzaile hutsa"


KARL MARX: FRANTZIAKO GERRA ZIBILA

1871ko martxoaren 18ko egunsentian Paris «Bizi bedi komuna!» dei zaratatsuak iratzarri zuen. Zer da komuna, burgesen gogamenari hain proba gogorrak jartzen dizkiona?

«Parisko proletarioak» –zioen Komite Zentralak martxoaren 18ko bere manifestuan–, klase menderatzaileen porroten eta traizioen erdian, konturatu dira iritsi dela ordua egoera salbatzeko arazo publikoen zuzendaritza eskuetan hartuz… Ulertu dute beren betebehar ezinbestekoa eta eskubide eztabaidaezina dutela beren zori propioaren jabe bihurtzeko eta gobernu-boterea hartzeko».

Baina langile-klasea ezin da mugatu Estatuaren makineriaz jabetzera soilik dagoen bezala, eta hura bere xede propioetarako mugimenduan jartzera.

Estatu-botere zentralizatua, bere organo oropresenteekin: armada iraunkorra, polizia, burokrazia, apaizeria eta magistratura –lanaren banaketa sistematiko eta hierarkikoaren plan baten arabera sorturiko organoak–, monarkia absolutuaren garaietatik dator eta jaiotzen ari den gizarte burgesari arma ahaltsu bezala zerbitzatu dio feudalismoaren aurkako bere borroketan. Guztiarekin ere, haren garapena eragotzia zegoen Erdi Aroko zarama guztia zela eta: jaun-eskubideak, tokiko pribilegioak, udal- eta gremio-monopolioak, kode probintzialak. XVIII. mendeko Iraultza Frantsesaren erratz erraldoiak ekortu egin zituen garai iraganetako hondakin horiek guztiak, horrela garbituz, aldi berean, Lehen Inperioaren garaian eraikitako estatu modernoaren eraikinaren gainegituraren aurrean jasota zeuden azken eragozpenak gizartearen lurzorutik, zeina, bestalde, Europa erdi-feudal zaharren Frantzia modernoaren aurkako koalizio-gerren fruitua baitzen. Hurrengo eraentzetan zehar, Gobernua, parlamentuaren kontrolpean ezarria –hau da, klase jabedunen kontrol zuzenaren pean– ez zen soilik zor nazional eskerga eta zerga abailgarrien mintegi bihurtu, baizik eta bere kargu, prebenda eta enpleguen limuri erresistiezinarekin, azkenerako liskarbide bihurtu zen frakzio lehiakideen eta klase menderatzaileetako abenturazaleen artean; bestalde, haren izaera politikoa aldi berean aldatu egiten zen gizartean gertaturiko aldaketa ekonomikoekin. Industria modernoko progresuek kapitala eta lanaren arteko kontrajartzea garatzen, zabaltzen eta sakontzen zuten bitartean, estatu-boterea eskuratuz joan zen gero eta gehiago kapitalaren botere nazionalaren izaera lanaren gain, indar publiko antolatuarena esklabotze sozialerako, klase-menderakuntzaren makinerian. Iraultza bakoitzaren ondoren, zeinak aurrerapauso bat markatzen baitu klase-borrokan, gero eta ageriago agertzen da estatuaren izaera zapaltzaile hutsa. […]

Karl Marx, Frantziako gerra zibila

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.